XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

Egiazki, Akitaniarrek Erromarekin dituzten lehen kontaktuak urte dexentez lehenagokoak dira eta badute zerikusirik Erromatarrek Alpeez bestaldeko Galia konkistatu izanarekin eta geroago Narbonensis probintzia deituko denaren sorrerarekin.

Izan ere, II. mendetik aurrera Erromak Volcae Tectosages direlakoen lurraldearen gainean Comminges eta Couserans-eko haran pirinearretaraino hedatzen zena bere menderapena erabat finkatua duelarik, luze gabe ziurtatzen du, halaber, Lactorates direlakoen menpekotasuna edo aliantza, aurrerantzean beti leial izango zaizkiolarik (44).

Gauzak horrela, eta menderatzaile ahaltsuak guk dakigunez oraindik larritzeko motiborik eman ez duelarik, hain anbizio handiko auzokoaren hurbiltasunak berez sor ditzakeenak baizik, gorabehera batzuek arriskutsuki korapilatzen dute egoera.

CAESARek bere geroko erasoa justifikatzeko bezala argudiatzen duenez (45), Akitaniarrek atzemankeria eta harrapakeriazko ekintza batzuk burutu bait zituzketen senatore-tropen bizkar, hauek, Sertorius-en tropek erasota, Pirineoetatik eta Akitaniako lautadatik barrena beren egoitzak berriz bereganatzera ahalegindu ziratekeenean.

Estratega ospetsuak gainerakoan ezezaguna den L. Valerius Preconinus-en kasua aipatzen du konkretuki, zeina hilik suertatu bait zen antza bere armada sakabanatua izan ondoren, eta baita L. Manlius-en kasua ere, zeina, Hirtuleius-ek Hispanian menperatu (46) eta itxura denez Pirineoak zeharkatzera beharturik (Somport-etik, uste izatekoa denez), era berean erasoa gertatzen bait da Akitaniako lautadan, bere tresneria eta militar-ospea abentura hartan galtzen duelarik (47).

Erantzuna, agidanez, Pompeius-en eskutik etorri bide zen, behin Sertorius-en gerra amaituz gero, eta Lugdunum-go Tectosages direlakoen oppidum-aren lekuan egoitza militar bat eraikitzean gauzatuko zen K.a. 72an (48).

Fundazio hau, Pompeius-ek Pirineoez honanzko aldean egindako bestea bezala hots, Pompaelo-koa , asmo estrategiko eta politiko sendo batek sortua dator, izan ere: Pirineoen Erdialdeko bideak eta haran-goialdeak leialtasun osoko jendez ziurtatzea, Erromaren interesek arrakasta handiagoa izan dezaten, gainera ere bertatik kontrola bait ditzake Mendebaldea eta Ekialdea elkartuaz mendikatea inguratzen duten bideak.

Baldintzapen horien ondotik, apenas duda daitekeen administrazio erromatarra Akitaniako istmoa okupatzera bultzatzen duten arrazoiei buruz: jakina, arrazoi ekonomikoak (49), eta gero, irispide geopolitiko edo estrategiko orokorra duten kontsiderazioak (50); besteak beste probintziako ekialdea babestea garai horretan Akitaniarren sarraldien beldur bait zen, Galiarrek Erromari buru egiteko beraiei deitzen zietelako, edo Tarraconensis eta Galia pirinear ataketatik barrena elkartzen dituzten bideetan eta Akitanian zehar ibiltzeko askatasun osoa ziurtatzea.

Hain garbi ez dagoena da nortzuk diren Crassus-en kontrako gerra-ekintzetan iniziatiba daramatenak: Pirineo-inguruko mundu horretakoak ote? etorkin indoeuropar edo indoeuropartuen ondorengoak ote, aristokrazia menderatzaile bezala (51) beren zibilizazio- eta antolamendu-maila altuagoari esker eremuaren etorkizun politikoa aspalditxotik zuzentzen bide dutenak (52)?.

Edo, pentsatu behar ote da horiek guztiak aspaldiko istorioak direla eta mila mestizaien fruitu den Akitania bakarra dela Crassus-i buru egiten diona?.

Hona xehetasun esanguratsu batzuk.

Larri dabiltzan Akitaniarren laguntzan Pirineoez honanzko jendea etortzen da: Kantauriarrak, bertako leinu-banaketez agian hain informatua ez dagoen CAESARen hitzetan (53); Barduliar eta abarren auzoko arrazakide jendea, gaurko interprete autoritatedunen arabera (54).

Haiei laguntzera etortzen den espedizio-andanan ez dira falta, bestalde, Sertorius-en lerroetan militarki heziak zirenak (55).

Hona FLORUSek ematen digun azken xehetasuna, Crassus-en gerra-operazioen amaian Caesar-ek Akitaniara egin zuen bidaiaz ari delarik: honen etorrera zela-eta, zenbait Akitaniar leize-zulo batzuetan babestu ziren bere esanera jarri nahi ezik, antza (56) eta jeneralak agindu zuen herts zitzatela petoki (57).

Ez dira hor bukatuko ordea, erromatar administrazioak jatorrizko Akitanian izan zituen zailtasunak.

Badakigu, jakin, 38 urtearen inguruan batera datorrelarik (59), oso susmagarria denez (58), Octavius Augustus eta Sextus Pompeius-en arteko etsaigoen hausturarekin eta eremuan Pompeius-en bezeria oso errotua dagoela erizten den beste toki batzuetako tirabira altxatzaileen berpiztearekin, Manlius Vipsanius Agrippa estratega prestigiotsuak etorri beharko duela armetan den Akitaniara, errebelamendu-gune berrietako nahasmenarekin bukatzera (60); eta handik urte batzuetara (K. a. 30 ing. (61)) eta, oraingoan ere, kantauriar eremuko liskarren gogortzearekin batera datorrelarik, errebelamenduak itxura asaldagarria hartu zuela berriro, beste militar prestigiotsu batek etorri behar izan zuelarik (62), Marcus Valerius Messalla Corvinus-ek, hain zuzen.

Jeneral honen ekintza baketzailea, ordea esanahi handiko gertakari batzuez borobildua gertatuko da eta lurralde konkistatu-berria antolatzeko eta baliabidean jartzeko asmotan administrazio militarrak hasi zituen ekintzen barruan interpretatu behar dira hauek: bat Imus Pyrenaeus-en fundazioa, egungo Donazaharre (Saint-Jean-le-Vieux) dagoen tokian postu militarra segur aski, Burdigala-Asturica-ko bidean geltoki eta salerosketarako biltoki izatera xedatua, Ibañetako bortuaren barrenean (63); Beneharnum-en fundazioa, bestea, gaur egun Lescar dagoen tokian, uste izatekoa denez kezka militar berberei eta, segurtasunez, statio eta forum izatekoei obeditzen dielarik, eremuko bide-sarean garrantzi guztizkoa den beste pasabidearen atarian, Somport-ekoan hain zuzen (64).